BERE ALBOAN

BERE ALBOAN

Ikusi nuen lehen unetik jakin nuen bera zela, bizitza osoa pasako nuela bere alboan.

Egunero ordu berean esnatzen gara, fereka batzuk ohean eta nik mantatik tira egiten dut goizeko hotzak bere azal leuna jotzen utziz. Logelako atea zabaltzen dut eta atzetik etortzen zait, gosaltzeko ordua da eta berak katilua eusten duen bitartean nik esnea bertan erortzen uzten dut. Ohitura bihurtu da goizetan kafea hartzea.

Neguko lehen izpiak ageri dira zeruan eta haizeak belarrietan hitz samurrak xuxurlatzen ditu hauek gorriaraziz. Zu, hotzaren preso, berokiaren atzean ezkutatzen zara, nik aterkia eusten dudan bitartean.
Larunbata da gaur, eta gure loradenda zabaldu behar dugu. Herri txikia den arren, jende askok erosten ditu loreak. Zuk lore sorta barruan sartuko ditugun zorion txartelak idazten dituzun bitartean, soilik zure begira egon naiteke ni. Hain polita zaude paper gainean bueltaka, dantzari fin horietako bat bezala, biraka. Tinta apur batez zikindu zara eta nik aukera aprobetxatuz zure azal goxoa laztantzen dut, kolore beltza zure zimur txikien artean desagerraraziz.
Malen da eguneko lehen bezeroa, goizero legez, arrosa batzuk nahi ditu bere kafetegiko mahaietan jartzeko. Zuk handienak aukeratzen dituzu eta nik mozten ditut, zuk mahaian ipini eta nik papera moztu, zuk lore sorta paperean bildu eta nik zinta urdin batez inguratzen ditut, bion artean begizta panpox bat eginez. Bukatzeko zure txartel horietako bat sartzen dugu barruan Malenen eguna apur bat alaitzeko. Ondoren, dirua jasotzen duzu eta nik arin-arin agurtu egiten dut.

Horrelakoak izaten dira gure egun guztiak. Jazz musika jartzen dugu dendan eta inork ikusten ez gaituenean, dantza egiten dugu; gauean ikusten ditugun pelikuletan egiten duten antzera. Gaur liburu bat ekarri duzu, poema liburu bat, ni adi-adi zure alboan jarri naiz. Arreta handiz begiratu ditut gaur zure hatzak, luze eta finak, eraztun bat daramazu beti eta nik gorriz margotu nizkizun azkazal amaigabeak. Laztandu egiten duzu ikuskatzen duzun orrialde bakoitzean ageri den lerro bakoitza, ukimenaren bidez metafora guztiak barneratuko bazenitu bezala. Horrela egongo nintzake bizitza osoa, zu poesia artean murgilduta ikusiz.
Gauak egunari aurrea hartzen dio eta denda agurtzen dugu. Nik atea isten dut, zuk giltza jiratu. Euria baretu da eta biak ezkutaketan jolas egiten dugu orduan, berokiaren atzean. Jokin ikusten dugu eta nik atzamar puntekin agurtzen dut mugimendu azkar batez zurekin jolasean jarraitzeko. Itxi-idiki batean etxera iritsi gara. Zein sotila den bide luze bat zure alboan.

Haragia prestatuko dugu afaltzeko, nik atera eta zuk moztuko duzu. Zein ondo moldatzen garen biok bakarrik. Une batez ez zaitut begiratzen, pentsatzen geratu naiz, a ze zortea nirea zu beti hain gertu edukitzea, hotza dudanean zu besarkatzea, grabitateari burla eginez aire artean elkarrekin mugitzea. Artista, idazle, maitale bihurtu gara.

Momentu horretan sentitzen dut, zerbaitek bustitzen nau. Zu begiratu zaitut eta ondoren mahaia. Labana lurrean. Nire azala gorriz margotzen ari den mihise bat dirudi, action painting teknika erabiliz marraztu den koadro abangoardista horietako bat. Laster zapi batez estaltzen nauzu eta une horretan ikusten zaitudan azken aldia da, badakit. Amaiezin bezala gogoratuko dudan unea. Dardarka hasten naiz, hotz naiz, maitea, besarka nauzazu. Non zaude? Urrun sentitzen zaitut. Etxe barruan gaude baina euria ari du. Tanta bat, bi, hiru, zaparrada. Har ezazu aterkia, maitea. Berriro ezkutatu zara berokiaren atzean? Ahul sentitzen naiz, ez zaitut ikusten, dena ilun dago eta ez nago zure ondoan gauero bezala, maindire artean.

Iluntasuna, hotza, dardara, hutsa.




Egunero ordu berean esnatzen naiz. Katilua hartu eta esnea barruan erortzea lorpen bat iruditzen zait. Jada ezin dut kafea edan. Hotzak hezurrak arpilatzen dizkit eta ezin naiz berokiaren atzean ezkutatu, nik neuk eraman behar dut aterkia. Dendara iristen naiz, egunero legez, baina ez daukat zorion txartelak idazteko gogorik. Jazz musika jartzeaz ahaztu naiz eta ezin dut poesia liburua zabaldu. Tinta potoa jo dut nahi gabe eta mahai osotik zabaldu da. Malen azaldu da orduan, arrosen bila dator. Berak egin du zuk egiten zenuena, nire zimurretatik kolore beltza kendu. Jarraian, azken egunetan mila aldiz entzundakoa entzun nuen berriro ere: “Lasai, normala da, ohituko zara”.



Ez dakite zertaz ari diren, beraiek ez dute ezkerreko eskua galdu. 

Comentarios